XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Estilo-liburua.

AZKEN aldi honetan euskarazko komunikabideak direla-eta iritzi kritiko bat baino gehiago entzun da eta kritikatze hutsetik irten eta zentzu positiboagoan zer egin ote zitekeen galdetzen zidan adiskide batek.

Hitzetik hortzera erantzunez, eta egin litezkeen beste mila gauza gutxiesteko asmorik gabe, kazeta handiek eta albiste-agentziek duten bezalako estilo-liburu bat prestatzea egokia izan zitekeela adierazi nion.

Badagoela arrazoirik horretarako uste dut.

Alde batetik, orrialde-multzoa argitaratzen da astero euskaraz kazetaritza edo publizista dei genezakeen sailaren barruan gure artean aste-egunkari, gehigarri eta astekariaren artean.

Bestalde irratiak eta telebistak egunero bolumen nabarmena eskaintzen digute albistegietan.

Eta egunero euskal entzule edo irakurleari esparru honetatik iristen zaion hizkuntz eredua gaingiroki bederen aztertzeari ekin diona, berehala ohartu da zer eratako akats, zalantza eta ahuleziak nabarmentzen diren bertan.

Akats batzu gramatikazko usadio hedatuenaren aurka buruz-buru doazenak dira, beste batzu orain arte euskarak adierazi ez dituen errealitateak euskaraz lehendabiziko aldiz adieraztean nabarmenki egiten diren hizkuntz estilistikaren bortxaketak dira eta beste zenbait puntutan Euskaltzaindiak erabaki dituen komentzioak ez kontutan hartzetik eta oraindik erabakizun direnetan koherentziarik gabe jardutetik sortzen dira kritikakizunak.

Puntu eta puntuxka gehiegi dago zintzilik oraindik gure testuetan eta horrela nekez lor daiteke erosotasunik begiz zein belarriz testuak deskodifikatzeko orduan.

Guzti honek uste baino eragin sakonagoa du irrati, telebista eta antzezpenaren profesionalak prestatzeko orduan eta entzulegoaren ederra eta interesa irabazteko orduan.

Estilo-liburu horrek zer atal izango lituzkeen larriki adierazten hasiz gero, dagoeneko erabakita dauden baina piskanaka zabarkeriaz errespetatzen ez diren puntuak gogorarazi beharko lirateke (ortografia, hitzen formak, deklinabidea eta aditzaren morfologia, estatu, herrien izenak, maileguak...); bestalde transkripzioa, toponimo arrotzak, sigla eta laburdurak eta oro har, lexikoari buruzko gomendioak edo erabakiak bildu beharko lirateke, orain arte sortu diren testuen azterketa eta zuzenketa sakon bat eginez kazetaritzaren eta hizkuntz ereduaren ikuspegitik.

F. Ibargutxik bere garaian euskal kazetaritzaz burutu zuen eta inork gutxik ezagutzen duen azterketaren ildotik lan interesgarria egin liteke gure gaurko komunikabideetan erabiltzen den euskara hobetzeko eta azken finean, komunikazio hobea lortzeko igorle eta hartzaileen artean.

Zer esanik ez, egunero teletipo eta beste komunikabideetatik hainbeste testu zalapartaka euskaratu behar izaten dituzten profesional horiei ez litzaieke bat ere gaizki etorriko traduktologiazko hasi-masi batzu ere, zeren eta alor gogorregia bait da itzulpenarena borondate onarekin bakarrik lanean aritzeko.

Estilo-liburu bat prestatzearekin batera ez litzaieke batere gaizki etorriko profesional horiei beren lana atergabe aztertu eta epaitzeko mintegi ongi antolatu batzu ere.

Honetan ere, beste gauza gehienetan bezala, dagoeneko asmatua dagoen bidetik ibiltzea baizik ez dagokigu.

Umiltasun hori praktikatzeko gai ez bagara, beste behin geure tonto-harrokeriak gola sartuko digu etxeko atean.

X. Mendiguren.